Sarean han hemenka saltseatzen ibili nintzen atzo, grebak gurean izandako jarraipena jakiteko. Ez nuen lortu. Zehaztasunik ere ez nuen eskatzen, idei orokor bat bakarrik. Eta hori ere ez. Nire kabuz egin behar izan nituen ondorio eta interpretazioak, ez oso zientifikoak, bestalde.
Atzoko greban CCOO eta UGT Nafarroan beren jendea ateratzeko ere gai izan ez zirela iruditzen zait. Eta horrek, noski, ez nau pozten, benetako aldaketa sozialerako langile guztien borroka ezinbestekoa delako. Baina, bestalde, balio handiko elementu bat utzi zigun ere atzoko egunak. Sindikatuetako manifestazioak, txiki, oso txiki geratu ziren arratsaldean Herri ekimenak deitutakoaren ondoan. Nafarroako gizarteak banaketa sindikaletik harago dagoela erakutsi zuen. Aukera oro, edozein izanda ere, bere haserrea erakusteko baliatzeko prest dagoela erakutsi zuen. Eta hori, asko da. Batez ere, aukeren zain egon beharrean, aukerak guk geuk sortzeko pausua ematen badugu.