Uztailaren 14 gaueko argazkien antza hartzen du atzokoak, Iruñeko protestariek eskutan dituzten kandelengatik. Kartel bakarrean festa zapuztuaren beste adierazle bat: “solo falta que nos quiten lo bailao”. Ez da hitzez esaten gaixoa ni, baina bai jarreran: gaixoa ni, gaixoak gu… eta beste pauso bat emanez esango genuke: gizajoak gu eta gajoak gu, gizagaixoak denok.Donostian, argazkirik bilatzekotan, gutxieneko zerbitzuetako autobusen kartelenak atera behar atzoko huelgaren oihartzuna islatzeko. Izan ere, Egian gizon batek telebistako kamera aurrean esan zuen bezala, “hemen, euskal sindikatuek deitzen ez badute ez dago grebarik”.
Ez dakit zer ondorio aterako dituzten ELAk eta LABek atzokoaz; zer ondorio aterako dituzten ELA eta LABeko zuzendaritzek, ze militante eta jarraitzaile askori ozpindu zaio irailaren 26ko huelgaren arrakasta, zatiketaren mapa begi bistan azaldu denean: Bizkaiko Ezkerraldea eta Nafarroa Iruñerritik behera gorriz, beste guztia urdin barez. Itxaropena, tindatu ahal izatea, alderik alde, eguraldiaren lehengo mapa.