«Memoria ez da biktima batzuk gogoratzea eta besteak ez. Memoria guztiak gogoratzea da. Memoria ez da batzuei barkamena exijitzea eta besteei ez. Memoria ez da besteak belaunikaraztea». Horixe irakurri nion behin Joan Mari Irigoieni Berria egunkarian egindako elkarrizketa batean. Eta hitz horiek gogora ekartzea egoki deritzot gaurkoan.
Izan ere, memoria omen zen pasa den larunbateko eguna ospatzearen zioa. Biktima guztien memoriaren eguna ei zen pasa den larunbata, nahiz eta ahanzturaren eguna iruditu askorentzat. Ahanztuta jarraitzen baitute sufritu duten askok diskurtsoetan. Eta ahaztuta, baita ere, praktikan.
Selektiboa da erakunde eta alderdi politiko gehienen memoria. Alde bakarreko urraketena baino ez. Oraindik orain oroimen bateratzailerako bidea egiteke baitago. Bide luzea egiteke baitago. Ezkututako urraketen poltsa handia baita gure herrian, eta oroimenak, benetazkoa izan nahi badu, urraketa guztiena izan behar duelako: ETAk hildakoena ez ezik, estatuak baimendu, bultzatu eta estali dituen giza eskubideen urraketak pairatu dituztena ere bai. Baina guzti guztien memoria gogoan duen diskurtso sendorik ez dago oraindik. Giza eskubideen urraketen biktima poltsa desberdinak egin dituztenek oraindik lan nekeza egiteke dutelako diskurtsoa eta praktika aldatzeko.
Den-denok ezinbestean begiratu behar dugu atzera. Denok, autokritikarekin, eta biktima guztiekiko errespetuarekin. Gertatu denaren ikuspegi kritikoa eginez eta norberaren erantzukizunak aitortuz. Memoria, guztiak gogoratzea delako. Hurrengo urteko Memoriaren Egunerako, beraz, badugu zer ikasi eta zer hobetu.