Jon Abril: Isilik

Euskalerria Irratia 2012ko azaroaren 15a

Isilik sufritzen dute. Bakardadean, gehienetan. Batzuetan, etxekoen aitzinean, seme-alabak lekuko direla. Milaka dira pairatzen dutenak. Guti batzuk gauza direnak min horrekin puskatu, eta salatzera ausartzen direnak.

Joan zen urtean 1.227 emakumek salatu zuten euren bikotekidea Nafarroan, tratau txarrak egotzita. Estatistiken arabera, tratu txarrak pairatzen dituztenen %5ak baino ez ditu salatzen. Estatistikak betetzen badira, 25.000 emakume ari da tratu txarrak sufritzen Nafarroan.

Isilik. Beldurrak, aurreiritziek, bakardadeak, laguntza ezak, baliabide eskasek... eragiten dute salaketarik ez paratzea, eta ondorioz, indarkeriaz euren kontra jokatzen dutenekin etxebizitza, bizimodua, ohatzea, sukaldea... partekatzen segitzera kondenaturik daude. Aunitzetan, bakardadean, isilik. Maiz, seme-alabak ere sufrimendu horren ikusle eta pairatzaile direla.

Hurrengo astean karriketara aterako gara egoera salatzera. Sentsibilizazio lana eginen da. Eta egiten segitu beharko dugu. Baina aste bakarretik haratago, errotik aldatu beharreko egoera da, sozietateak bere osotasunean heldu behar diona. Murrizketak ere iritsi dira gai honetara. Eta urtean hildako emakume kopurua ez da aski gaiaz sentsibilizatzeko.

Legeak ez dira aski indarkeria matxistarekin bukatzeko. Sistema patriarkala, egitura matxistak behin betirako desegin behar dira. Berdintasunean sakondu behar dugu, norberak egunero neurriak hartuz. Etxean. Lantokian. Lagunartean. Eta ez du balio isilik gelditzeak. Emakumeen kontrako edozein indarkeria, dela hitz bat, dela jazarpen sikologikoa, dela indarkeria fisikoari planto egin behar dugu. Ez irribarre ttiki bat, ez isiltasun konplize bat. Plantoa. Ahotsa igo.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!