Fermin Erbiti: Gaur egun ederra izan daiteke

Euskalerria Irratia 2012ko azaroaren 13a

Periodikua leituz ilustratzen gerala jakitun, ahalik eta egunkari gehien irakurtzea izaten da eguneko nire lehen zeregina.

Gaur orri-pasa patxadatsuan ari nintzela, Josu Rayarekin topo egin dut. ONCE itsu elkartearentzat lan egiten duen gazteak milioi bat euroko saria eman berri du. “Positiboa izateak sariak ekartzen ditu”, horixe dio elkarrizketan.

Eta nik ere, goizean-goizetik, halaxe jokatzea erabaki dut. Krisialdia atzean utziko badugu, ezinbestekoa da positiboa izatea. Beraz, gaur asteartea eta hilak 13 izanagatik, egun ederra izan daitekeela pentsatu dut, Joan Manuel Serraten “Hoy puede ser un gran día” kantua gogoan.

Eta funtzionatu duela ematen du, aizue. Egunkarietako azal guztiek diotenez, hemendik aurrera bankuek ez dute inor etxetik botako. Duela egun batzuk ezinezkoa zena, posible da orain. Emakume batek aulkia leihoaren ondoan jarri eta karrikara salto egin izanak egin du posible. Bihotz onekoak dira bankuetako arduradunak. Hunkigarria da.

Hori baino are hunkigarriagoa iruditu zait hurrengoa. Zin dagizuet Nafarroako Partidu Popularreko parlamentario batek euskaraz idatzi duela Diario de Noticiasen. Hori ikustean emozioak malkoz bete dituen nire begi hauek dira lekuko. Josu Rayak arrazoi du: positiboa izanez gero ametsik handiena ere lor daiteke. Nafarroako PPko baten artikulua euskaraz, euskara txukunean, gainera. Egia da hasierako zatia besterik ez zela, ondorengoa gaztelaniaz zegoelako. Eta egia da, halaber, mezua negargarria iruditu zaidala. Baina edukia ere gure gustukoa izatea gehiegi eskatzea litzateke, ezta?

Komunikabideekin jarraituz, BBCko zuzendari eta albiste-buruek dimisioa eman dute, erreportaje batean politikari bati pederastia leporatu ondoren, hura errugabea dela frogatu delako. Zenbait tokitan politikariek ez ezik, kazetariek ere dimisioa ematen dute. Ez al da hunkigarria jarrera hori gurera ere etor litekeela pentsatzea?

Asteartea eta hilak hamahiru izan arren, gaur egun ederra izan daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!