Josi Basterretxea: Utopiaz

Euskalerria Irratia 2012ko azaroaren 13a

Etxe bateko fatxada, leiho irekia, hiru lagun bertan. Poz aurpegia dutela esango nuke, ardurarena berebat. Pankarta bati eusten diote… Etxe horretako atarian, dozenaka lagun. Haiek ere pozik, baina, arduraturik. Horiek ere pankarta eskuan. Goian eta behean, lelo bera: stop kaleratzeei.

Eta, hein batean lortu dute. Deshauzioen aurkako plataformen protestek, etxetik botatako lagunen protestek, inoren suizidioak… bankuak eta aurrezki kutxak lotsagorritu ditu. Baita alderdi politikoak ere. Eta gobernuak.

Tregua moduko bat iragarri dute entitate finantzarioek. Bi urtekoa izan litekeena. Muturreko egoera bizi dutenei aplikatzekoa… Alabaina, ez dute zehaztu zer den muturreko egoera, eurek, kontratu bat egiten duten bakoitzean, klausuletan deus ere ahazten ez duten horiek berek, bankuek. Tregua diote banketxeek, ez bakea.

Bada, bizi dezagun urte biko eten hori. Eta balia dezagun, eraikitzeko bakealdi luzeago bat: justuagoa, solidarioagoa.

Utopiaz ari naizela? Baliteke. Baina, hori gabe…

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!