Eskerrak eman behar dizkiot Amaya Zarranz PPko parlamentariari joan den astean egin zituen adierazpenengatik. Benetan ari naiz: begiak ireki dizkit, dena gezurra dela ulertarazi dit.
Uste nuen euskara Nafarroan eta Baskongadetako Triangeluan ofiziala izanik, baten batek hitz egingo zuela; are, euskaldun horietako batzuek prentsa euskaraz nahi izango zuelakoan sartu nintzen ofizio honetan. Baina hara non datorren Zarranz parlamentuko pulpitura Matrix zer den esplikatzera. Eta esplikatzen digu hedabideetan euskara gehiago erabiltzen ez bada, irakurleek ulertzen ez dutelako dela. Eta esplikatzen du euskarazko hedabideak ixtearen arrazoia jarraitzaile falta dela. Eta esplikatzen ditu beste hainbat gai konplexu, sakontasun berberarekin.
Pena da haren pentsamendu nabarra gure txokoko gaietara bakarrik mugatzea. Amaya Zarranzek munduko gosea konpontzen saiatu behar luke, afera hori Zarranzismotik begiratuta soluzio errazekoa baita: jendeak gutxiegi jaten badu, izango da ez daukatelako hainbeste gose. Beraz lizunkeria eta manipulazioa da Afrikako umeentzat janaria eskatzea.
Mila esker Amaya Zarranz: orain horrelako konparazio ergelak lasai bota ditzaket irratian, badakidalako inork ez dituela entzungo. Gauza bakarrak harritzen nau: nola zuk tamaina bereko lerdokeriak esaten dituzun, denek ulertzeko moduko gaztelania garbian.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!