Berria ez den berria. Aldiro han-hemen erail zituztenen gorpuzkinen bilaketa. Belaunaldien arteko lan nekezak ez du etenik. Lur azpia arakatu, eliza eta estatuaren estoldak aztertu, kriminalen isiltasunari izenak jarri eta, makina bat urte pasa ondoren, hitza berreskuratu. Egoera ezagutzen duenak ongi daki gerraren ondorioak, guztiak, guregana luzatzen direla. Asteburu honetan Deikaztelu, Miranda Arga, Lodosa eta Mendabiako fusilatuak izan dituzte gogoan. Testigantzan aipatu egiten zaigu sarraskian alargundu zen emakumeak, ehun urte bete zituen gauean, gertatutakoaz mintzatzen hasi zela. Lehendabiziko aldiz. Beldurra.
Hori da gure iragan luze, sortzaile, definitzailea. Galdutako gerra, galdutako gerraostearen ondorio gara. Akaso gure ideiak dituen horrekin zabal mintzatzen gara. Besteekin, beti, mutu. Kexa zehaztugabeak publikoak egiten ditugu, haserre topikoak plazan jartzen ditugu. Ez behar den tokian, ez hori entzuteko premia duenaren aurrean. Gurea ez da eztabaida irekia, sakona, argudiatuaren jendartea. Hor ere frankismoaren garaipena guregana iritsi da. Ikusi bestela azken bi greba orokorren deialdiekin gertatzen ari dena: bat egin ez duten sindikatuek isiltasunaren aldeko antidiskurtso lotsagarria egin dute. Ixo!
Carlos Lerenak idatzi zuen “Hizkuntza ez da beti argitasunaren eta askatasunaren eskaileratik igotzeko erabiltzen, sarri askotan nahasmenduaren bidetik jaisteko eta, are gehiagoetan, nahasmendu eta dominaziora joateko”.