Zazpi urte dira Nafarroako ondare ez-materiala biltzen hasi zirela, eta pixkanaka badoa artxiboa osatzen. Hainbat herritarren oroitzapenak, sinesmenak, ohiturak, leku izenak eta bestelakoak jaso dituzte haien ahotik beretik. Ikusezin den hori ikusgarri egiteko lanean dabiltza. Ondare Ez-Materialaren Dokumentazio Zentrua sortu dute orain. Gaizka Aranguren Labrit Multimedia enpresako burua ari da lanean proiektu honetan. Kazetari iruindarraren esanetan, euskara bizirik zegoen lurraldeetan hasi zuten lana eta ia bukatuta dago Nafarroa iparraldeko bilketa, eta hasteko dago oraindik euskararen presentzia txikiagoa den guneetan.
"Berandu hasi gara lan honetan"
Amaigabeko lana omen da, belaunaldiz belaunaldi egin beharrekoa. Arangurenek nabarmendu du Neolitikotik emandako bizimoduaren aldaketa handiena ezagutu dutela azken belaunaldiek. XX. mendeko oroimena eta lekukotasunak biltzeko lanean denbora ez dute alde. Labrit Multimediako nagusiaren aburuz "berandu hasi gara lan honetan. Lehenago hasi izan bagina ere, orduan ere berandu". Azkar egin beharreko lan honi buruz lasai aritu gara hizketan Metropoli Foralean.
Argazkia: Navarchivo