Edurne Begiristain: Data gorriz

Euskalerria Irratia 2012ko aza. 9a, 12:10

2013ko uztailaren 6a. Egutegian gorriz idatzitako data. Orduan itxiko omen dute Garoñako zentral nuklearra. Itxaropenez betetako data da. Amesgaizto baten amaiera ekar dezakeena. 42 urte izango ditu ordurako zentralak, nahiz eraiki zutenean 40 urterako bizia iragarri zioten. Iraungitze data aspaldi gaindituta du eta arriskua begibistakoa da.

Garoña ustiatzen duen Nuclenor enpresak zentrala ixteko plana aurkeztu dio Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari. Pauso bat izan da, baina ez definitiboa, zalantza asko baitaude oraindik itxieraren inguruan.

Itxaropena zapuztua izateko arrazoiak ere badira. Garoña 2013ko ekainaren 6an ixteko agindua eman zuen PSOEren gobernuak, baina legealdi honetan PPren gobernua zentrala ez ixtearen alde mintzatu izan da. Mariano Raxoi berak hauteskunde kanpainan iragarri zuen Garoña lanean jarduteko aukera 48 urte bete arte luzatuko duela.

Berdin dio segurtasunak. Osasunak. Ingurumenak. Energia hornidurak. Horiek denak hutsalak dira dirua tartean dagoenean. Diruak agintzen baitu Garoñako zentralaren geroan. Eta diruaren hotsak agintzen duen bitartean 2013ko uztailaren 6ko data horrek utopia izaten jarraituko du. Amets eskuraezina. Datak gorriz idatzita jarraitzen du egutegian, bien bitartean, eta askok ez dugu beste kolore batean ikusi nahi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!