Ander Perez: Oharkabean

Euskalerria Irratia 2012ko aza. 9a, 09:55

Oharkabean pasa zaizkit Estatu Batuetako hauteskundeak. Lehia aspaldiko estuena izanagatik, ez zait hainbesterakoa iruditu kanpainaren eszenaratze mediatikoa. Nire begietatik urrun geratu dira show eta koloretako fokoak. Edo, agian, nik mantendu ditut nire begiak urrun ikuskizunetik. Agian, oharkabean bada ere, ez dut gehiegi jakin nahi izan Atlantikoaren bestaldeko inguru hortan gertatzen ari zenaz.

Aitortzen dut, ez zaizkit gehiegi inporta Estatu Batuetako hauteskundeak. Batez ere, ez diodalako aldaketarako gaitasunik egozten hautetsietako bateri ere. Ez behintzat, norabide oneko aldaketarako. Galdetuko balidate, ados, onartuko nuke nahiago nuela Obamak irabaztea, txarrenetan onena delakoan. Baina batez ere, euren herrialdearen arduragabekerietaz inolako errurik ez duten herritarrekiko konpasioz lehenetsiko nuke hautagai demokrata. Ea arlo sozialean hobekuntza txikiren bat ekartzen dien.

Munduko gainerako herritarroi dagokionez, sentitzen dut, baina ez dut itxaropen handirik. Ordezkatze sistemaren bertsio anglosaxoia da estatubatuarra. Alderdi demokrata eta alderdi errepublikarra. Astoa, eta elefantea. Bata ala bestea. Baina beti berdin, hautagaiaren azalaren pigmentoaz harago. Hegemoniak indarrean jarraitzen du, eta hala jarraituko du ekaitz batek New Yorken eragindako hildakoak kontatzen ditugun bitartean, Haitin utzitakoak kontatu beharrean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!