Elixabete Garmendia: Xi Jinping

Euskalerria Irratia 2012ko aza. 8a, 16:30

Egon zitekeen turista talde bati ongietorria ematen, ikuskizun gisa: antigoaleko jantzi dotore brodatua soinean, irribarre adeitsua, eskuaz agurra… baina paparrean daraman txartelak argitzen du emakumea Txinako Alderdi Komunistako kide dela, areago, Alderdi hori egiten ari den Kongresu Nazionaleko ordezkaria. Kongresuan parte hartzen ari diren 2.268 ordezkarietatik ehuneko hogeita hiru omen dira emakumezkoak.

Bere jantziak etniaren batekoa dela adierazten ote du? Ze… etnia nagusikoak ez diren 249 ordezkari omen daude Kongresuan. Partiduaren aparatukoa ote da ala oinarrizko militantea? Ordezkarien heren bat omen dira kargurik gabeak: nekazari, langile eta enpresariak. Ze langintza ote du emakume honek?

Kontua da Kongresu honetatik aterako dela hurrengo hamar urteetan Txina gobernatuko duen gizona: Xi Jinping, 59 urtekoa, kantari ezagun baten senarra eta alaba Harvarden ikasten omen daukana.

Txinako Alderdi Komunistaren Kongresu hau ez dute jarraituko mendebaldeko hedabideek Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeak bezain gertutik, baina hurrengoan, hamar urte barru, kontu gehiago jakingo ditugu hautagaiez, hautetsiez eta Alderdiko ordezkariez. Agian orduan izenez eta guzti ezagutuko dugu antigoaleko jantzi dotorea soinean, diosal adeitsua egiten duen emakumea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!