Xabier Barber: Mezularia hiltzea eta desobedientzia zibila

Euskalerria Irratia 2012ko azaroaren 8a

Nafar Gobernuak ez du ez pegatinarik, ez pankartarik nahi; ez eraikin publikoetan, ez langile publikoen lan arropan ere. Salaketak adieraztea arazoa omen da, gauza itsusia. Debekatu du.

Horri buruz, bi burutazio. Bat: eraikin publikoak herriarenak dira, ez gobernuarenak, langile publikoen arropa bezala, guk ordaintzen baititugu. Alde horretatik, nire baimena niri dagozkidan eraikin ta arropen zatietan pegatak eta pankartak jartzeko.

Eta bi: ez banaiz gehiegi okertzen, arazoa ez datza salaketak adierazteko erabiltzen diren medioetan. Arazoa, eta berebizikoa gainera, salaketen edukia da; zerbitzu publikoetan denetariko murrizketak eta pribatizazioak, edo gastu publikoaren kudeaketa txarra (egun hauetan suhiltzaileek eta larrialdietako langileek salatutakoa, adibidez).

Bistan da dugun gobernuari inporta zaiona ez dela hiritarren sufrikarioa, sufrimendu hori agerian gelditzea baizik. Sistema hipokrita honetan gero ta gehiago estutzen da adierazpen askatasuna, gehiengoaren errealitate gogorrak izorra ez dezan botereen diskurtso hutsal eta fikziozkoa.

Horrelako debekuak mezularia hiltzen saiatzen dira, ez arazoak konpontzen. Beraz, proposamen bat, bai langile publikoei, bai gu guztioi: murrizketen aurkako pegatinaz, kartelaz, marrazkiaz, pankartaz… bete ditzagun horma, leiho eta arropa publikoak; denon artean. Legea ez-legitimoa denean, desobedientzia zibila.

Ah! Eta datorren asteazkenean, greba orokorra. Egin beharko, ezinbesteko borrokan beste aurrerapausu bat emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!