Fermin Erbiti: Nahasketaren edertasuna

Euskalerria Irratia 2012ko aza. 6a, 19:09

Xenpelar eta Chopin. Errenteriarra bata, Poloniako herrixka batean sortua bestea. Bertsolaria eta piano jotzailea. Zer ikusi handirik ez? Hori nondik begiratzen zaion. Orain arte esandakoaren arabera, hala da.

Baina kointzidentziarik ere bada: Xenpelar eta Chopin garaikideak izan ziren, artistak biak, nor bere arloan berritzailea, gazte hil ziren biak: hogeita lau urtetan euskalduna, hogeita hemeretzi zituela poloniar musikaria. Azken hatsa eman zutelarik, hortxe zuten biek arreba, anaiari laguntzeko prest eta Xenpelarrenak garesti ordaindu zuen hori, anaiak baztanga edo biruela kutsatu eta berehala hil baitzen.

Hau dena pasa den ostegunean ikasi nuen nik. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren “Bi arreba” ikuskizuna ekarri zuen. Iruñeko Ximenez de Rada institutuko aretoan bildu ginenok bi artisten bizitzan sakontzeaz gain, bertso eta musikarekin gozatzeko parada izan genuen.

Gure mundua gero eta gehiago nahasketaren ondorioa baldin bada, kultur munduan ere horren aldeko apustua egin behar delakoan nago, nahasketa horietatik oso gauza interesgarriak atera daitezkeelako, ikuskizun honetan frogatu den bezala.

Chopin eta Xenpelar elkarrengandik oso urrun eta elkarren berririk jaso gabe bizi eta hil ziren. Hain berritzaile izan ziren bi artista hauek harriturik geldituko lirateke bien istorioak txirikordatuz ikuskizun bat egin dutela balekite.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!