Gaizka Aranguren: Aurrekontuak, Greba, Ereserkia, Gauche Divine

Euskalerria Irratia 2012ko aza. 6a, 16:30

Nafarroa Garaiko Foru gobernua ahul samar dabil. Egonkortasuna ematen zion UPN eta PSNren arteko elkar-ulertzea ez omen da hain erraza egun. Madrildik agindu zehatzik egon ezean, badirudi Nafarroa Garaiko sozialistek hara-kiria egiteari uzteko aukera txiki bat badutela; bereziki aintzat hartuta orain ez daukatela aginte posturik eskutan Foru Komunitateko Gobernuan.

Aurrekontu berririk izanen ez delakoan, Yolanda Barcina anderea prest omen dago aurtengoen prorrogarekin jarduteko. Edozein gauza hauteskundeak aitzinatzea baino lehenago. Uneotan irabazteko gutxi luke UPNk, gutxiago PPk eta galtzeko aunitz PSNk.

Egoera politiko horretan gaudela, azken 100 egunetako bigarren greba orokor deialdia dator.

Jose Maria Molinero, Nafarroa Garaiko Comisiones Obreraseko buruak erran berri du ELA eta LAB sindikatuetako zuzendaritzak eskirolak direla. Eta lasai gelditu da.

Izan ere, nola ez da lasai geldituko Foru Komunitateko urrezko domina paparrean duela urtero zazpi miloi eta erdi euro poltsikoratzen duen erakundeko eleduna?

Bada jende aunitz herri honetan, egoera ikusita, GREBA OROKOR amaigabea aldarrikatzen duena, eta hauen ikuspegitik, noski, edozein deialdi da ona kapitalari aitzin egiteko. Koherentziarik ez zaio falta jarrera horri.

Bada bertze zenbait jende, ordea, nahita edo nahigabe bere burua Espainiar gauche dibinoarekin gustora ikusten duena, eta edozein aitzakia egokitzat jotzen duena Miguel Sanz-en eskutik urrezko domina jaso duten sindikalista hipersubentzionatuekin bat egiteko.

Madrileko 15Mko kide batzuek poliziei loreak eskaintzen dizkiete, eta "policía, únete" oihu egiten diete. Gure semeak errieta egin zigun herenegun horregatik, izan ere, berak zioenez ez da hori Madrilgo manifestariek oihukatzen dutena, ez omen dute POLICÍA ÚNETE! erraten, baizik eta POLICÍA UGT!

Nago semeak arrazoia duela.

Bien bitartean, Espainiako gauche divine horretako kantari ikonoak bere azken ekarpena egin die espainiar gorrixkei: Sabinak ereserki nazionalari letra ezarri dio, Kataluniako deabruei aitzin egiteko, bertzeak bertze.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!