Josu Jimenez Maia: Ezkontza-egunaren gaua

Euskalerria Irratia 2012ko urriaren 31

Ezkontza-oturuntzan ederki bazkaldu eta, ohi bezala, janari asko sobera; besteak beste, txuletoiak: dozena erdi bat txuletoi, egin berriak... Zakarrera bota ordez, Aitorrek txuletoi horiek eskatu zituen txakurrari eramateko. Eta baietz, aprobetxatzeko, txuletoi egin berriak ezin baitira gorde, eta hobe zela aprobetxatzea. “Larre motzekoak gara gu, eta den-dena aprobetxatzen da gurean” aldarrikatu zuen lagunak, Argi txakurrarentzako haragi puska ederrak bildu ahala aluminiozko paperean.

Kontua da Aitor laguna makrobiotikoa dela, eta barazkiak jaten dituela batez ere, eta arraina ere bai, hamabostaldian behin edo... Baina haragi gorririk, behin ere ez. Eta Aitorren txakurrak, Argik ere ez, jakina. Argik pentsua jaten du baina, batez ere, etxean gelditzen diren soberakinak jaten ditu: tofu, seitan, espelta... eta beste hainbat zekale eta lekari; dilista-kroketak ere gustura jaten ditu txakurrak... baina haragi gorririk, arestian esan bezala, behin ere ez.

Eta horratx, ezkontzatik bueltan, ezkontza egunaren gauean, baserrira arribatu, eta Argik ongietorri amultsua egin zion nagusiari. Aitorrek musika piska bat jarri zuen, eta I-pod gorrian zeuzkan bi mila abestien artean, ausaz, The Beatles-en It´s been a hard day´s night hasi zen entzuten, goxo, bozgorailuetatik.

Argik, goiz-goizetik mokadurik ahoratu gabe egonda, musikari jaramonik ez; alta, interes bizia erakutsi zuen nagusiak zekarren aluminiozko paperean, edo, zehatz izanik, aluminiozko paperak gordetzen zuen zera horretan. Zentzumenek argi salatu zuten: han ez zegoen ez tofu, ez seitan, ez dilista-kroketarik... han haragia zegoen, haragi goxoa, artean epel, xamur!

Aitorrek gogoratu zuen hozkailuan dilista-kroketa batzuk gelditzen zirela txakurrari emateko, bezperatik; baina egun berezia izanik, eskuzabal sentitu zen, eta sei txuletoietatik bat ematea erabaki zuen.

Argik txuletoia irentsi zuen -grausk-, tximista baina azkarrago irentsi ere, jabeak ezagutzen ez zion bizitasun eta azkartasun harrigarri batez, artean ezagutu gabeko bizkortasun batez, seitan, tofu, pentsu edo are dilista-kroketak jatean erakusten ez zuena.

Haragi puska ederra irentsita -kilo bat behiki, hor nonbait- hasi ziren komeriak; ohitura falta zela eta, Argi enpatxatu egin zen, eta gau osoa eman zuen intzirika eta betekadaren ondorioak pairatzen, koitaduak. Oso gau luze eta gogorra izan zen. It´s been a hard day´s night, “Egun haren gaua”, The Beatles-en kanta hori entzuten duen bakoitzean, barrez, Aitorrek kontatzen digu txakurra enpatxatu zitzaioneko gauarena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!