Udazkena oraindik, eta ja hotzak hartuta gaude. Argia badoa eta gero eta jende gehiago dago kalean eskean, eta ez dira eskaleak. Hotz egiten du, gaur gauean hormatu duela entzun dut, eta atzo ere hotz zegoen kalea. Etxeko zirrikituetatik haizea entzuten da, eta kaleko izkinean lurrean eserita gizon bat dago, sudokuak egiten, betaurrekoak jantzita, eta ez da eskalea, baina kartelean, “Una ayuda por favor”.
Hotz da giroa, atzo bezala, 2.600 lagun arrosaz jantzi eta korrika hasi zirenean elkartasun mezua bidaltzeko har gaiztoa bularrean sartuta daukaten emakumeei. Sudokuak egiten kale izkinean eserita dagoen gizonaren irakurtzeko betaurrekoetan, arrosa islatzen zen noizean behin, korrikalariak aurretik igarotzen zitzaizkion bakoitzean.