Inguruko telebista guztiak zuri begira daudenean, janzten duzun horrek garrantzia berezia bereganatzen du. Etxe barruan mantel laukiduna izan zitekena gorbata eskoziarra bilakatzen da agertoki publikoan. Eta gorbata hori hauteskunde gau bateko protagonista batek eramaten duenean, lepo inguruan egindako korapiloa asmo handiko keinua bihurtzen da, halabeharrez.Urkulluk bezala, ezker abertzaleak ere begiratu du Eskoziara pasa berri diren Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hauteskundeetan. Esan ostean zentzuratu nahi izan dioten mezuan, espainiar estatuari zuzendu zitzaion Arnaldo Otegi. Gatazka Irlandan bezala bukatu ahal izan zela gogorarazi zion Madrili, baina honen jarreraren ondorioz, Eskozian bezala bukatuko dela.
Gasteizko parlamentuaren konfigurazio berriak hitz horiek guztiak praktikara eramatea ahalbidetu beharko luke. Matematika burujabetzaren zerbitzura jarri beharko lukete 48 parlamentari abertzaleek. Urratsak nahi nituzke esparru horretan. Eta, hala, historiarako gordeko genuke agian Urkulluren gorbata eskoziarra. Mantela izaten jarraituko luke bestela.
Historia ez, baizik eta istorioa, hatxerik gabe, da Nafarroan egunotan bizi izan duguna. Ez dakit beldurrezko edo umorezko istoria. Hain gaude ohituta UPNren esperpentoetara, Pejenauterena entzunda, batek ez dakiela dagoeneko barre ala negar egin. Agian aurretik sospetxatu behar izan genuen, banketxeko exekutibo ohi bat non eta gizarte gaien departamentuaren buru jarri zutenean. Sendagaia gaixotasuna baino larriagoa dela esan ohi da gazteleraz. Denborak esanen du hori hala den ala ez, baina bitartean, gera gaitezen, badaezpada bada ere, datu batekin: Gizarte gaietarako kontseilari berria, Alli jauna, Nafarroako Kutxatik dator ere. Kasualidadea? Espero dezagun baietz.