Ba oraingoan gabana jantzi du Angela Merkelek ohiko jakaren gainean. Inguruko gizone
zkoek ere gabana daramate soinean, gris argixeagotik marengorainoko tonuetan; pare bat sonbreiru ageri dira, bizar luze bat ere bai… Ez, hauek ez dira bilera ekonomikoetan Merkel inguratu ohi duten gizonezkoak. Aurpegiak ere ohi baino erlaxatuago ageri dira: Merkelek irrimurria ezpainetan, begiak goxo…
Plano zabaleko argazkian ikusten da non dauden kokatuta: putzu beltz borobil baten inguruan, Berlinen, ijitoen omenezko oroitarrian. 1933 eta 45 bitartean 500.000 ijito hil omen zituzten naziek, barkamenik gabeko jazarpenaren ostean. Sarraskia hasi zenetik ia laurogei urtera altxa diete oroitarria.
Erreportajearen alboko zutabeetan kontatzen da ijitoen aurkako mugimenduak indartzen ari direla Europa ekialde nahiz mendebaldean: neonaziek badute noren kontra joan; baina agintari politikoek ere ijitoen kontrako neurriak hartzen dituzte, gogoratu bestela Sarkozyrenak.
Emakume gazte ijito bat kurpildun aulki bikoitzean bikiak zeramatzala; atzo goizean bertako irudia da; bere arruntean sortu zidan halako burutazio bat: ze paradero izango ote duten ume horiek etorkizunean… Batzuetan errukiak norbera salatzen du.