Politika ez da berez gauza zaila. Politika ez da "haiena", tekniko edo politikari profesionalena. Politika gure bizitza komunaren antolakuntza da. Beraz, geuk ekin behar diogu.
Urteroko egutegian, gai garrantzitsua agertzen zaigu data hauetan: aurrekontuak, gure diruaren kudeaketa. Diru publikoa, milioika euro gure poltsikoetatik aterata, auskalo zertan gastatzeko prest. Nor? Gu? Ez, Nafar Gobernua, nafar Parlamentua. Ze irizpidez? Gureak? Ez, gehiengo parlamentarioenak (Nafarroan, aspaldidanik , UPN-PSNrenak).
Urte bat darama Iniciativa Social / Herri Ekimenak dinamika horren aurka jotzen. Hobe esanda, beste dinamika baten alde egiten: dirua gurea bada, geuk esan dezagun nola erabiliko den. Murrizketak, gizarte zerbitzuetan ala Abiadura Handiko Trenean? Diru gehiago behar badugu, aberatsen poltsikoak nola astinduko ditugu?
Bada, honetaz guztiaz mintzatuko gara datozen egunotan. Hainbat gizarte talderekin egon ondoren, tekniko eta ekonomista batzuen laguntzaz, Iniciativa Social / Herri Ekimenak "Aurrekontu Sozial eta Parte hartzaileak" Jardunaldiak antolatu baititu.
Zerbait alternatiboan parte hartu nahi baduzu, zure sosen erabilerak kezkatzen bazaitu, era honetaz ere Nafarroa hobe daitekeela uste baduzu, entzule/irakurle zaren hori gonbidatuta zaude. Etzi, 26 ostiralean, arratsaldeko 5:30ean, Atarrabiako Kultur etxean. Eta larunbat osoa. Hator! Mundua alda daiteke, hobetzeko, askoren parte-hartzearekin.