Tranpa egiten ari zirela bazekiten, baina ez zitzaien ajola. Herritarren benetako borondateari muzin egin zieten, harrotasunez gainera. Aldaketa agindu zuten, eta ekarri zuten. Frontismoarekin amaitu eta normaltasuna ekarri omen behar zuten, nortzuk, eta frontismotik lortutako akordioa egin zutenek. Eta orain, horiek dira burua makurtuta hanka egiten dutenak.
Lopez eta Basagoiti. Basagoiti eta Lopez. Duela hiru urte eta erdi elkarri sostengua emanez Ajuria Enea hartu zuten bi politikariei amaitu zaie pagotxa. Eurek eraikitako tranpan erori dira, ekipo eta guzti.
Estatu itunek huts egin dute gurean. Eta itun horien egileak kale itsu batean sartuta daude. Ez dakite nola irten. Momenruz ihesbide bakarra topatu dute: Madrilera begira dago bata, lehendakarigai izateari uko egingo dio besteak. Lopezek Espainiako politikarako jauzia emango duela inork ez du zalantzan jartzen, denbora kontua da, eta Basagoitik jada iragarri du ez dela berriro aurkeztuko lehendakarigai izateko.
Arazoa du Espainiak Euskal Herriarekin. Urteak daramatzate PP eta PSOE abertzaletasunari aurre egin nahian, baina orain arte porrota baino ez dute jaso. Mayor Oreja-Redondo Terreros bikotea saiatu zen aurrena, eta huts egin zuen. Lopez-Basagoiti tandema etorri zen ondoren, eta lortutako emaitzak ikustea besterik ez dago. Berriro porrota.
Madrilen badakite perfekzionatu beharko dutela estrategia, orain arte behintzat, fruitu gutxi eman dielako.