Gorka Bereziartua: Patxi Lopez (apetaz aukeratutako instanteak)

Euskalerria Irratia 2012ko urr. 23a, 19:19

Patxi Lopez PPrekin pakturik ez zuela egingo esaten eta Patxi Lopez PPrekin paktua sinatzen. Patxi Lopez Gernikan poesia errezitatzen. Patxi Lopez Ajuria Enean. Patxi Lopez erdaraz. Patxi Lopez euskaraz-edo. Patxi Lopez euskaltegitik hanka egiten. Patxi Lopez “lehendakari lasaia” eta Patxi Lopez “leindiekaria”. Arkimedesen printzipioa zein den jakin ez, Patxi Lopez.

Patxi Lopez iPhone berriarekin. Patxi Lopez bekain urduriarekin. Patxi Lopez gazte garaiak gogoratzen. Patxi Lopez irribarrez. Patxi Lopez seriotasun instituzionalez. Patxi Lopez arima konstituzionalez. Patxi Lopez Powerbalance batekin. Eta gustuko dituen musika taldeez, Patxi Lopez.

Patxi Lopez Espainiako PSOEn gora eta gora egiten. Patxi Lopez autolaguntza-liburu bat bezala hizketan. Patxi Lopez trenean, egun historiko batez. Galtzeko ez dauka askorik, ia dena galdu duenez, Patxi Lopez.

Patxi Lopez Basagoitiren irainak entzuten. Patxi Lopez erabakiak atzeratzen. Patxi Lopez hauteskundeak aurreratzen. Patxi Lopez murrizketen kontra mintzatzen. Patxi Lopez hurrengo Jaurlaritzari zuloz betetako poltsa uzten. Gutxik botako dute faltan, edo inork-inork ez, Patxi Lopez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!