Gaizka Aranguren: Zizur txikiko lokatzetatik, Lorearenganaino

Euskalerria Irratia 2012ko urr. 23a, 16:30

Joan den igandea luzea izan zen. Goizetik bagenekien lokatzetan ibili beharko genuela Ikastolatik Zizur Txikira. Lokatzetan eta euripean. Eskerrak katiuskei eta eskerrak armairuaren zulo beltzenean lotan zetzan aitaren arrantzarako xirari.

Eta joan ginen, billabesaz joan ere. Eta ari zuen, eta nola ari zuen! Eta xiratik beheiti erortzen ziren ehunka, milaka tantek, babesik gabeko galtzak blaitzen zituzten.

Ikastolatik 5. gunerako bidean euritako aunitz zebile, noraezean, pertsona batzuen eskuetan tente. Baten pean historia irakaslearekin topo egin genuen, bertze aterki haietako baten pean, Euskal Herriko egoerari talaia batetik egunero so egiten dion erreferentziazko kazetari eta laguna agertu zitzaigun. Hark bertze zeregin bat bazuen igandean, bozkatzeko asmorik izanez gero, naski…

Zegoeneko bozkatu ote zuen galdegin genion.

Ezetz, arratsaldean, bazkaldu ostean eginen zuela erantzun zigun.

Balizko emaitzei buruzko solasaldi laburraren ondotik, EAJ eta EHbilduren arteko eserleku tartea hiru-laukoa baino handiagoa izanez gero, EAJrendako emaitza oso onak izanen ziratekeela adierazi zigun.

Kazetari hark Ikastolarako bidea hartu zuen. Historia irakasleak 2. Gunerako bidea eta guk 5.erantz segitu genuen. Han, jende gutxi, diru gutxi.

Urtebeteko prestakizunen ondotik horrelako emaitzak lortzea gogorra da. Bertze ezer merezi zuen ikastolak eta bertze ezer merezi du Ikastolen Elkarteak.

Eta Mendebaldeko lurraldeetako hauteskundeei buruz zer? Ba EAJk EHbilduri lau eserlekuko aldea atera beharrean, seikoa atera ziola. Eta EAJk, berak bakarrik, indar espainiarzale guztiek batera baino bozka gehiago bildu dituela, eta, gauza guztien gainetik, Gasteizko legebiltzarra Lorea Agirre gabe gelditu dela, hau da, euskal kulturgintzaren aztertzaile zorrotzenetarikoa gabe. 10.a zihoan Gipuzkoako EHBilduren zerrendan. Inor gutxik uste zuen ez zela parlamentari aterako.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!