Eman dezagun norbaitek agintari baten aurkako akusazio publikoa egin duela, etikatik urrun dagoen zerbait mahai gainean jarriz. Agintariak, orduan, deliturik ez duela egin azpimarratu eta akusatzailearen aurkako salaketa iragarriko du. Ondoren, akusatzailea kakazten saiatuko da, deabrua baino gaiztoagoa dela esanez. Beti ere, gertatutakoa argitu gabe.
Azkenean, horretarako arrazoirik ez bazegoen ere, dimisioa emanen du, gobernuari kalterik ez egiteko.
Pejenaute auziaz kontseilari ohiak eta Barcinak esandakoa irakurri ondoren, politikagintzaren oinarrizko lezio batzuk gogoratu beharko dizkiegu:
Bat: delitua eta etika ez dira gauza bera. Gehienetan, etikaren eremua askoz zabalagoa denez, bat lotsagabe hutsa izan daiteke, deliturik egin gabe. Eta legeak beti legezkoak ez baitira, alderantzizkoa ere gerta liteke: jokamolde etikoa delitu izatea.
Bigarren irakaspena: salatutakoaz deus argitu gabe, norbait akusatzailearen aurka hasten denean, seinale txarra.
Hirugarren irakaspena: norbaitek deus txarrik egin ez badu, ezin dio gobernuari kalterik egin. Beraz, nola izanen da hori dimisioa emateko arrazoia?
Gogoratu beharreko azkena: biztanleak ez gara agintari batzuek uste bezain ergelak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!