Aitor Etxarte: JEL, epel

Euskalerria Irratia 2012ko urriaren 23a

Merced kaleko teilatuen azpian euriaren hots kantaria izan dugu asteburuan. Udazkena gurean da bete-betean.

Irratiaren beste aldeko marmarrak hauteskunde arrotz-gertukoen berri eman digu. Atzerritik aditu ditugu zenbakien dantza.

Beraz, euripean izan garen asteburuan Jeltzaleek irabazi dute. Orduan patua etorri zait salbazioan: Bingen Ametzaga euskaldun-jeltzale historikoa. Koldo Izagirrek esan duen bezala exiliora joandako gehienak “euskaldun baino euzkotarragoak ziren”. Ametzaga zorioneko salbuespena izan zen. 1952. urtean Buenos Airesen idatzi zuen W. Shakespearen “Maitagarriaren kantua”-ren itzulpen dotorea:

“Zuek, mihi bikoitzeko suge natudunok,

kirikino lahartsuok, ez zaitezte agertu;

ez kalte egin ziraunok eta sugandilok,

gure Erreginagana, arren, ez hurbildu.

 

Urretxindor, kanta ezazu gurekin

lo-lelo eztia:

loa, loa, loa, loa;

ez sorginkerik,

ez begizkorik,

ez ta kalterik

gure andragana

ez bedi ondora:

gau on, ba, loa.

 

Armiarma ehuntzaileak ez etorri hona,

Utikan! Gorulari hankaluzeok, ken!;

Kakarraldo beltz horiek ez zaitezte hurrera,

Barakuiluak ta harrak ez kalte egin hemen.”

 

Udazken goibelaren ordez, udaren distira. Jainkoa eta Lege zaharraren ordez nagitasun epel eta hezea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!