Ander Perez: Bukaerara iritsi gabe

Euskalerria Irratia 2012ko urr. 19a, 10:16

Aurrekoan, irratian Prestige auziari buruzko albistea entzuterakoan, bere harridura plazaratu zuen nirekin kotxean zihoan norbaitek. Ea nola zen posible Galizan PP nagusi izaten jarraitzea, egindako hondamendia egin eta gero. Orduan ez nuen bota, baina gerora etorri zitzaidan hausnarketa burura. Ez ote den gurean ere antzekorik gertatzen, alegia.

UPNren botere historia luzean, asko, zenbaezinak, izan dira jende asaldatu duten erabaki eta jarrerak. Gaztelu Plazako hondamendia, Euskal Jairen eraisketa edo Itoiz ibilbide beltz baten katebegiak baino ez dira. Baina inor UPNkoa ez den lur hontan, UPNk irabazten du beti.

Ohitura politiko jakinak gizartean errotuta daudenean, horien desgastea eta atxikimendu galera prozesu luzeak izaten dira. Gizarteak ez dira bapatean aldatzen, baina botereen hankasartzeek aldaketa horiek azkartu ditzazkete. Eta 180 graduko bira emanen ez balu behintzat, UPN galbidera kondenatua dagoela esanen nuke.

Era berean, Nafarroarako alternatiba, alternatiba ezkertiar eta abertzalea, gorpuzten eta hedatzen doa gutxika gutxika. UPNrekiko deskonfiantza habi erosoa topatzen ari da gure lurrarekiko bestelako proiektu honetan. Baina boterearen desgastea bezalaxe, prozesu luzea behar izaten dute alternatiba errealek ere. Horregatik, hauteskundeen aurrerapenaz hitz egiterakoan, deskonfiantza puntu bat sentitzen dut nire barrenean. Deskonfiantza, aukera paregabea izanik, balizko hauteskundeek ezkertiar eta abertzaleok egin beharreko prozesuaren erdian harrapatuko gaituztelakoaren susmoa daukadalako. Bukaerara iritsi gabe, alegia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!