Kartzelako hormak gainditu ditu eta Euskal Herri osora iritsi da bere mezua. Giltzapean dute, bai, baina giltzarik ez du erabili behar izan Logroñoko kartzelatik zabaldu nahi izan duen aldarria askatzeko. Indarra badu horretarako. Ez fisikoa,ez, barruko indarra baizik, bihotzera ailegatzen den indarra. Halakoa da euskal gizarteari helarazi nahi izan dion mezua: sendoa, itxaropentsua eta baikorra.
Logroñoko ziegatik Barakaldoko BECera iritsi dira Arnaldo Otegren hitzak. Noiz eta hiru urte bete direnean Otegi bera, ezker abertzaleko beste kide batzuekin batera, atxilotu zutela. Noiz eta ezker abertzalearen estrategia errotik aldatzeko apustua egin nahi izateagatik atxilotu eta espetxeratua izan zela.
Mendeku politikoagatik kartzeleratu zuten Otegi. Eta mendeku politika bera erabili dute haren kontra orain ere. Larunbatean milaka herritarrei mezua zabaltzeagatik inkomunikatu dute Otegi. Ezintasunaren zigorra ezarri diote. Ahultasunarena. Beldurrarena. Giltzik erabili gabe kartzelako murruak gainditu eta BECen izan zen Otegi larunbatean, eta hori amesgaiztoa izan da askorentzat. Horregatik zigortu dute. Baina zigorrak bilatu nahi zutenaren kontrako efektua izango du. Amesgaiztoa izaten jarraituko du batzuentzat. Beste askorentzat, ordea, gero eta errealagoa den ametsa bilakatuko da.