Urrian gaudenez, trasn urriaren gaia zabaldu nahiko nuen, betiko moduan, lagun baten bidez.
Transexualen eskubideen aldeko hilabetetzat hartu izan da azken urteetan urria, eta trans-urria izendatu dugu talde feminista, lesbianista eta abarrok. Hilabetean zehar, munduko hainbat hiritan, transexualitatea eta, oro har, generoaren mugen gaineko hausnarketa egiteko parada izaten da, hainbat ekitaldi eta aldarrikapenezko ekintzen bidez.
Aurreko egunean, arestian aipatutako lagun hori eta biok, honen harira, manifestu txiki bat idazten genuen. Testua birpasatzen ari ginen, lerroz lerro. Hitzekin oso eskrupulosoak gara, hitzak munduaren ikuskeraren isla direla oso ondo jakin badakigulako. Horregatik idazten ditugu manifestuak azken finean, ikuskerak aldatzeko, eta kontu handiz egiten dugun lana da. Horretan geunden bada Leo eta biok, ñabardurak adosten eta ahal zen ulergarrien egiten, eta, bapatean, aintzakotzat hartu ez nuen gauza bat aldatzeko esan zidan: bi aurrizkia. Hitz multzo batetik, bisexual hitza kentzeko esan zidan.
Leo oso arretatsua da gauza hauetan. Nik kalitate-kontrola deitzen dut, ezerk ez diolako ihes egiten, eta arrazoiren bat edukiko zuela ziur nengoen, baina ez nuen garbi ikusten. Ez zen lehenengo aldia bi horren aurka tematzen zela. Urteak joan dira bisexualen aldarrikapena homosexualen mailan jartzeko, eta hara non, eta taldetik bota nahi zituela. Nork eta Leok.
-Zuk esatea Leo... -esan nion. Bera bi aldeetan, nolabait esateko, ibilitakoa dela gogorarazten niola.
Baina, orduan, bera zen harritu, niri begira, ezertaz ez nintzelako jabetzen.
-Ni ez naiz bisexuala, izatekotan, pansexuala naiz, hau da, ezaugarri ezberdinetako pertsonak gustoko ditut. Bi generoen sailkapenarekin berriro! Ez al gaude horren aurka? Bi hori gure hiztegitik kentzeko momentua da, ez duzu uste? Nik ez nuke jarriko.
Berriro ere, arrazoi guztia zeukan. Eta nik, binarismoa eta gizon-emakumeen rolak salatzen, guztion gorputzen gaineko bilakaeraren eskubidea aldarrikatzen, generoen mugak zabaldu beharraz idazten, hainbeste ordu eman eta gero, eta bi bat ohartu gabe sartua nuen testuan.
Hitzen bidez mundu ikuskera aldatu nahian, eta ni neu, hitzek harrapatua. Eta nork ez?, pentsatzen dut, nire deskargurako. Hizkuntzak baldintzatuta gaude denok, eta borondatezko ariketa bat egin behar dugu hortaz jabetu eta aldatzeko. Egin dezagun ariketa xume bat:
Zer da bisexuala izatea, zer, trans, homosexual, heterosexual? Galdera hauei erantzuteko ezinbestekoa da gizon eta emakumearen arteko sailkapena: lesbiana da emakumea gustoko duen emakumea, transexuala, gizona jaio eta emakume bihurtzen dena, edo alderantziz. Baina aurre galdera bat egin gabe dago. Definizio hauetan guztietan aurredefinizio bat dago: zer da gizona, zer, emakumea? Eta hor, sakonki errotua, mundu ikuskera bat: pertsona guztiak gizon ala emakume izan behar dutela, eta, horrekin batera, izaerak, joerak, gauza guztiak, maskulinoak edo femeninoak direla; azken finean, munduan bi kokatze moduak besterik ez direla. Baina denok ez dugu tokirik sailkapen horretan, nahiz eta siglen kopurua zabaldu. Bisexualeei eta transexualeei tokia egin zitzaien LGTB hizkietan, baina, funtsean, sailkapena bera da.
Beste ariketatxo bat: nire bikotekide lesbiana oso maskulinoa bada, ni zer naiz? Eta sexu-aldaketaren ebakuntza burutzen badu?
Leo eta biok testua finduz joan ginen. Horretan ez gaude bakarrik. Milaka pertsona ezberdin dago munduan eta haiek bizi izandako esperientziek markatzen digute bidea. Haien zailtasunak eta beharrak dira ikuskerak aldatzeko pizgarri, denok tokia izan dezagun. Leo eta biok oso gustoko dugu trans aurrizkia, transfeminismoaz hitz egiten dugu, adibidez, ez dugu sexual hitzari soilik ezartzen. Trans ikuskera bat dugu, mugak zeharkatzeko edo hausteko joera bat bezala ulertuta, eta neurri handian, pertsona transexualeei zor diegu, errotuen dugun kontzeptua bere izate hutsarekin zalantzan jartzen dutelako: gizon eta emakumearen arteko muga.