Mika Etchebehere: Gendulaineko 260.000€ak

Euskalerria Irratia 2012ko urriaren 16a

Joan den astean Gendulaineko proiektuaren azken berria zabaldu zen, hain zuzen ere, 2013tik aurrera Nafarroako Gobernuak urtean 260.000 € ordaindu beharko dituela eraikiko ez diren lur sail batzuk garatzen dituzten zergengatik. Halako zenbakiak entzutean edozeinek kalkulagailua hartu eta biderkatzen hasten da ezinezkoa den eragiketa batean, X urte itxaron beharko baitu gobernuak horrekin zerbait egiteko.

Ez da beste munduko ezer egin behar hemen gertatutakoa ezagutzeko, internetek erraz eskaintzen digu jakin beharreko batzuk trama hau ulertzeko: Nafarroako Gobernuak lur sail “boltsa” bat egin nahi du etorkizunean eraikuntzarako lurrik gabe ez geratzearren, Nafarroako 43 eraikuntza enpresek Gendulaineko kondeei 3 milioi m2 erosten dizkiete gero Nafarroako Gobernuari saltzeko eta (bide batez, hainbat milioi euro gehiago irabazteko) Nafarroako Gobernuak lur sail horiek erosten ditu eraikuntza eskubideen truke (eta hipotetikoki horrek emanen lituzkeen etekinen truke). Baina, krisia heldu egin da: enpresek dirurik ez eraikitzeko, etxebizitza eskaera gutxi, lur sailak erosi dituzten enpresen maileguen interesak gora doaz eten gabe...

Kapitalismo gordinean konponbide erraza egonen zen: enpresak pikutara joanen lirateke zergak ordaintzeko gaitasunik izanen ez luketelako eta merkatuak beste bide bat aurkituko luke etekinak sortzeko. Baina ez gaude kapitalismo eredu horretan, are gehiago, gobernuen laguntzarik gabe azkeneko urteetan bizi izan dugu festa higiezina ez zen gertatu izango.

Ez buru ez hankarik ez duen egoera honetan aldiz erantzukizun bila joan behar dugu. Iruzur egin digute, azkeneko hamarkadan politikariek hartutako erabakiek pobretu gaituzte eta gehiago pobretzerako bidean sartu. Ez zaigu ahazten haiek hartutako erabakiak direla gaurko egoeraren arrazoi eta zorraren zergatia. Baina hau ez da gure zorra eta ez dugu onartzen, horregatik zilegi ez den zorraren aurka borrokatzea bilakatuko da hurrengo urtetako borroka. Ez dago politikan pentsatzerik zor eta mailegu sisteman pentsatu gabe, ez estatu akabatzeko ezta estatu berri bat sortzeko ere. Grezian Troikaren aurkarien leloak gureak ere badira “Ez dugu zor, ez dugu ordainduko”. Ez Grezian ez Nafarroan ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!