Literaturan bezala, zineman ere noizean behin gertatzen da. Badira pelikula batzuk hasieratik harrapatu eta aretoko argia piztu arte holaxe eramanen zaituztenak, eskutik heldurik, istorioan sarturik.
Komunikabideetan oihartzun handia lortu duen “Lo imposible” pelikula ikustera joan nintzen lehengo egunean. Benetako istorio batean dago oinarriturik: Tailandiako tsunamiak harrapaturiko familia baten bizipen ikaragarriak kontatzen ditu.
Juan Antonio Bayonarena tentsio handiko filma da, oso ongi egina, erritmo bikaina duena, gogorra da zati askotan, baina samurtsun keinu ugari oparitzen ditu. Pelikula gozarazi eta sufriarazten diguten horietakoa da, argazki eta musika bikainez egina. Eta antzezle nagusi guztien lana ona izanik, nik bat aipatu eta goraipatuko nuke: Tom Holland, bikotearen seme zaharraren papera egiten duen mutikoarena. Lan zoragarria, txapela kentzeko modukoa.
Gure aurreiritziek, askotan, oihartzun handiko filmetatik aldendu egiten gaituzte. Badakizue: pelikula oso komertziala bada, seinale txarra. Ba ez, kasu honetan ez. Hasieratik amaierarino istorioan sarturik eramaten gaituen pelikulak merezi du. Hortxe nire gomendioa.