Josi Basterretxea: Paralelismoak

Euskalerria Irratia 2012ko urriaren 16a

Ez da oso orijinala gaurko hautua. Erretratu bera edo bertsua ikusi dut egunkari batzuetako lehen orrialdeetan: gizon bi, elkarri bostekoa ematen. David Cameron eta Alex Salomon Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuburuak dira argazkikoak.

Egia esan, errazago aurkitu dut erretratu hori Euskal Herriko egunkarietan, Espainiako “nazional” deitzen dieten horietan baino.

Baina, noan harira. Ez da orijinala argazkia: ohikoa da, mandatariei egiten dizkieten horietakoa. Nire harridurarako, orijinala dena da gaia. Alegia, hitz eginez konpontzea desberdintasun politiko handiak.

Bake-bidez eta hitz eginez erabaki dute Londresek eta Edinburgok Eskozian erreferenduma egitea, eskoziarrek erabaki dezaten Estatu Independentea eraiki nahi duten ala ez.

Eta harrigarria iruditzen zait zeren hemen, Euskal Herrian, edo pixka bat harago, Katalunian, antzerako zerbait planteatzen denean, Madrilgo erantzuna beti da bertsua: ezinezkoa da hori!

Eta erreferendumaren aurkako diskurtsoetan, honelako hitzak ateratzen dira: konstituzioa, armada, batasuna, espainiartasuna, jubilazio-sariak…. Bakarrik falta zaie eskomunioa aipatzea. Eta Mariano Raxoyri izena aldatzea, Pierre Lancre jartzeko, adibidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!