Hor dira datuak irakurri nahi dituenarentzat: langabeen kopuru itzela, egoeraren iraupen geldiezina, gazte eta helduenganako eragina edo etorkin askoren itzulera. Eta aurrekoarekin bat eginik, kanta beraren beste leloa, hau da, lanean direnen baldintzen makurtzea: lanordu gehiago, ordainsari zuzena apalagoa eta zerbitzu publikoen amiltze zoria.
Aurreko ziklo ekonomiko ustez oparo eta tranpatian lana mespretxatu egin da bizitzaren aurkako zigorra zelakoan, solasetan opor amaigabe eta jaien apologia amesten zen bitartean. Orain, amorrua eta beldurra nagusitzen dira soldata eta gutxieneko zerbitzuak lurruntzen direlako.
Kapitalismoaren urrezko hogeita hamar urte ospetsuen muinean, 1956an zehazki, William Faulkner idazleak esan zuen: “Ez dut lanik egiten dirua gustuko dudalako. Nire iritzian, munduan hainbeste lan izatea lotsagarria da. Gauzarik tristeena da pentsatzea gizaki askok egunero-egunero eta zortzi orduz lana bakarrik egin dezakeela. Ezin duzu egunero zortzi orduz jan, ezta egunero zortzi orduz edan edo zortzi orduz egunero larrutan aritu. Horregatik pertsonek bere burua eta besteena sentitzen dute dohakabea eta zoritxarrekoa”.