Zaloa Basabe: Bazkalostekoa gehiegi luzatzen denean...

Euskalerria Irratia 2012ko urriaren 12a

Duela urte batzuk oraingo Espainako presidenteak espainoleei proposamen bat luzatu zien: Urriaren 12an familiarekin bankete bat antolatu, Hispanitatea, Arraza, Guardia Zibila eta Pilaricaren eguna ospatzeko… Inperioa, arraza, indar militarrak eta Eliza, dena batera, Espaina bezala, Urriaren 12a bezala.

Aurten Raxoi ez da horrenbestera ausartzen. Ospatzeko baino, kontrako eztarritik zeozer sartzeko aukera gehiago duenean, zuzenean purura pasatu da. Kaferik gabe. “Denontzako kafea” garestiegi atera zaie: galegoak, euskaldunak eta katalanak bere mahian eseri nahi izatearen ondorioa. Bere mahai bakarrean, handian eta… librean?Jada inor ez dago bere eserlekuan eroso. Nahi eta aukeratu ez dugun tokian esertzera behartzen gaituztenean, altxatzeko edozein aukera ona da. Eta bazkalostekoa dagoeneko gehiegi luzatzen ari da…

Aulkira lotu eta kontua ordaintzera behartzeaz gain, bortizki zigortu gaituzte: beraien zopa babua, beraien zezen-buztana eta beraien ardo garratza ez irensteagatik.

Denbora aurrera dihoa, garai zailak zain daude eta gehiegi jasan dugunaren sentsazioa nagusitzen da derrigorrezko jankide batzuen artean. Bazkalostea gehiegi luzatzen denean, irtenbide bat baino ez dago: mahaitik altxatu, berokia, kartera eta giltzak bildu eta, soilik atetik hurbil gaudenean, Adeu! Agur! Esan.

Ah! Eta ez deitu hurrengorako! Datozen urteetako ajendak beteta ditugu eta!

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!