Elixabete Garmendia: Gurutzada

Euskalerria Irratia 2012ko urr. 11a, 12:30

Batak besteari kontatu berri dion txistearen ondorengo irribarrearekin ageri dira Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroa eta Cristóbal Montoro, Espainiako Ogasun ministroa, konplizitate betean, Espainiako gobernukideek Espainiako Legebiltzarrean dauzkaten aulki urdinak poltrona bihurtuta.

Irribarrea eragiten dien txistea izan daiteke Francesc Valles PSOEko parlamentari katalanak egindako galdera. Erantzunean, Wert ministro espainiarrak gurutzadetako aitzindarien papera hartu zuen, bere helburua azaltzean: “españolizar a los alumnos catalanes para que se sientan tan orgulllosos de ser españoles como catalanes”. Gerora zehaztu du Hezkuntza ministro espainiarrak berak esandakoa ez zela inprobisazioa izan, eta berretsi du hitzez hitz Kongresuan botatakoa. Freud izan beharrik ez dago Wert eta Montoro ministro espainiarrei joan den igande gauean Nou Camp-eko ikuskizunak ze tamainako trauma sortu zien asmatzeko. Imajina dezakegu Wert saloiko sofan, bere emazte Edurne Uriartek hauspotuta, gurutzadarako indarrak hartzen.

Pena ikasle garaia joan zitzaigula, ze bestela a zer eguna gaur ikasgelak hustu, kaleak bete eta Wert ministro espainiarraren gurutzadari ostikoa emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!