Atzo, amatxo eta biok Londresera joan ginen dentistarengana. Harekikoak amaiturik, kafetegi batera jo genuen, baina kanpora irten ginenerako euria goian-behean zen. Eta guk babestekorik ez, eta taxi guzti-guztiak beterik. Espaloian ez aurrera ez atzera geundela, gizon bitxi bat hurbildu zitzaigun: adinekoa, txikia, guardasolarekin. Kapelua erantzirik, esan zigun: ‘Barkatu. Nik, zera…, mesedetxo bat eskatzera natorkizue’.
Hasiera batean, ama mesfidati egon zen. Baina ikusirik gizona adeitsua zela, ongi jantzia, eta, batik bat, oinetako apain-distiratsuak zeramatzala, ama abegitsuago agertu zitzaion. Euri artean, zain. Agureak, orduan, esan zigun diruzorroa etxean ahantzia zuela, baina ez zebilela inondik ere diru eske. Aitzitik, guardasola eskaini nahi izan zigun libera soil baten truke. ‘Nekatua nago eta diru horrekin taxiz itzul ninteke etxera’.
Gizonak artean ez zuen amaren konfiantza osoa bereganatua, eta beharbada horregatik hurbildu zigun aterkia. Zetazkoa zen eta inondik ere hogei libera baino gehiago balio zuen. Bien bitartean, zarra-zarra, gogotik ari zuen euria eta, beharbada ni gero eta bustiago ikusi ninduelako, ama poltsa miatzen hasi zen. Luze gabe, libera bat atera, eta gizonari luzatu zion. Biok ere estu-estu aterpetu ginen eta gizonak eskerrak emanez alde egin zuen
Guardasolpean, zer pentsa eman zigun gizonari begirik kendu gabe geratu ginen. Berezko dotorezia zuen, baita ibileran ere, eta pentsatu genuen seguruenik tituluren baten jabe izango zela, Sir Harry Goldsworthy edo antzeko zerbait. Eta gizonak astiro zeharkatu zuen kalea, baina gero lasterka ekin zion, bere adinari ez zegokion azkartasunez, eta ez zuen inongo taxirik hartzeko zirkinik ere egin. ‘Gizon honek zerbait darabil’, xuxurlatu zidan amak, eta berehala eskutik helduta, atzetik joan gintzaizkion.
Baldin eta gu ere lasterka bizian abiatu izan ez bagina, erbiak hanka artetik bezala alde egingo zigun. Kapelu hegaletik ura turrustan jausten zitzaion, baina gu, behinik behin, aski lehor gindoazen zetazko guardasol ederraren azpian. ‘Eta itzultzen bada eta ikusten bagaitu?’, galdegin nion amari. ‘Ez dit axola’, hark erantzun, ‘nekatua zegoela esan digu, taxia hartu behar zuela, eta horra… Estafadore hutsa da’. Lehenago heziera oneko zalduntzat jo genuela gaineratzekotan nintzela, gizona ezustean desagertu zen gure begien bistatik.
Alabaina, ingurumari hartan taberna bat egon, eta guri han sartuko zela iruditu zitzaigun. Hurreratu ginen, noski, eta LEHOI GORRIA izena irakurri nuen. Leiho alboan kukutu ginen, eta kristal gandutuetan barrena ikusten ahalegindu. Hantxe begiztatu genuen, barrara inguratua, zerbitzariari whiski bat eskatzen. Hirukoitza, gutxienez. Eta gure liberarekin ordaindurik, begi kliska batean eztarriratu ez zuen ba! Ama sumindu egin zen, baina isilean jarraitu zuen eszena, zeren gizona ordurako aterako bidean baitzetorren, berezko dotoreziarekin, guregana! Eta badator, astiro, gurea ez bezalako lasaitasunarekin, eta hara non, ezker-eskuin begiratu ostean, sarrerako guardasol ontziko euritako bustien artetik, guardasol bat hartu, eta ziztuan irten den kanpora!
Ez bat eta ez bi, amak gure guardasola jaitsi, eta ateari bizkarra emanda egokitu ginen. ‘Horixe da bere jukutria’, xuxurlatu zidan oraingoan, eta berehalakoan eskutik heldu, eta atzetik joan gintzaizkion. Sumatu bezala, laster ikusi genuen bere guardasol berria gizon bati beste libera baten truke aldatzen. Laster, beste taberna batean sartzeko. ‘Hori iruzurgilea, hori!’, amaitu zuen amak, ‘gau guztian ibil liteke horrela, baina egingo nuke gauero zazpi otoitz egiten duela euria egin dezan…’.
Roald Dahl, Ixtorio hautatuak, Elkar
(Patxi Zubizarretaren bertsioa)
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!