Kasik hamar urte igaro dira irain, bejazio, tortura eta tratu txarrak pairatu zituenetik. Ia hamar urte lehertu arte ariketa fisiko etengabeak eginarazi eta mila mehatxu pairatu zituenetik. Kasik hamar urte barruko orbana erabat sendatu gabe dituela. Eta, nago, inoiz ez duela sendatzea lortuko. Baina behintzat, sufrimendua zertxobait apaltzeko balio izango dio Estrasburgoko epaiak, justizia existitu egiten bada behinik behin.
Martxelo Otamendi Egunkariko zuzendari ohiaren tortura salaketaren inguruko epaia datorren asteartean kaleratuko du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak. Espainiako Justizian bide guztiak agortu ostean, 2008an Estrasburgora jo zuen Otamendik, Egunkaria auziko sarekadan Guardia Zibilaren esku atxilotua egon zenean jasandako torturak eraginkortasunez ez ikertu izana argudiatuta.
Torturatua izan zela salatu zuen Otamendik 2003an, baina Auzitegi Nazioanaleko epaileak ez zuen ikertzeko ekimenik hartu, auzitegiko medikuaren txostenen berri izan arren. Halaber, ez zuen bidali salaketa Madrilgo epaitegira. Ez zion Guardia Zibilari eskatu argitu zezan non izan zuten atxilotua,ezta atxiloketan parte hartu zuen guardien indetifikazioa ere. Laburbilduz, Espainiako agintari judizialek ez zituzten bitartekoak erabili tortura salaketak ikertzeko.
Horregatik jo zuen Otamendik Europara. Azken heldulekua du hori. Justizia egiteko azken urratsa. Estrasburgok ez dizkio sendatuko guardia zibilen kolpe eta umiliazioak, baina barruko orbanak osatzen joateko sendagaia izan daiteke. Izango da. Izan behar du.