Argazkiak, erabat formala izan gabe, badu zerbait zeremoniatsua. Erdian Andres Urrutia euskaltzainburua ageri da, liburua eskuetan, besteei argibideren batzuk ematen. Besteak dira, ertzekoak, Ibon Sarasola hiztegigilea eta Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Iker Saileko kidea. Tartean, boskotea osatuz, bi emakumezko daude: Itziar Nogeras, Elhuyarreko zuzendaria eta Olatz Osa, Elkar argitaletxeko zuzendaria. “Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak” liburua ari dira aurkezten.
Argazkia ezberdina izango zatekeen duela hogei-hogeita hamar urte. Emakumezkorik ez zen egongo eta haien ordez apaiz edo fraide parea egon zitezkeen. Begiratu bestela atzerago, 1972an, Arantzazun, aditz batuaren oinarriak jartzen ari zen talde haren argazki famatura: hamabi gizonezko, haietatik erdiak apaiz edo fraideak. Mitxelena eta Haritschelhar, Juan San Martin eta Lizundia, Alfontso Irigoien eta Xabier Kintana sekularrak. Emakumezkoren arrastorik ere ez.
Gaurko argazkian hiru eta bi gizonezkoen alde. Baina dauden bi emakumeak ez dira loreontziak, zuzendariak dira biak, nor bere arloan. Hori bai, nik neuk ere, Sarasola, Urrutia eta Sagarna lehen begiradan ezagutu ditudan arren, bi emakumezkoak identifikatzeko argazki oinera joan behar izan dut. Badakit nor diren Nogeras eta Osa, baina haien irudia ez neukan buruan sartuta. Argazki gehiago behar lehen bistadizoan izena ere jartzeko.
Sei urte barru beteko ditu ehun urte Euskaltzaindiak, eta aitonduta ez ezik, emakumetuta ere azalduko ahal zaigu. A, eta efemeride bat: juxtu gaur 44 urte bukatu zen Arantzazun euskara batuaren oinarriak jarri zituen lehen biltzarra.