Harrijasotzailea. Aktore lanak ere egiten ditu. Harakina da lanbidez. Ezagun egin duten aipatutako beste jardun horietaz gain, historiazalea ere bada. Metropoli Foralera etorri zaigu gaur kirolari leitzarra. Iñaki Perurenak filosofoa zuen aitona. Egoskorra aita. Filosofo egoskorra atera da bera. Hizketan lasai eta patxadaz gehiago ari beharko genukeela adierazi digu. Gehiago entzun elkarri. Tartarrean luze eta zabal aritu gara. Krisia gogor jotzen ari den honetan, gizakion arteko elkartasun sareak indartu, irudimena gehiago garatu eta kulturaren aldeko apustua indartu beharko liratekela nabarmendu digu. Bestetik, Euskal Herria oinarritik eraikitzeko ezinbestekotzat jo du euskaraz bizi diren herriak zaintzea.