Jon Abril: 49.677

Euskalerria Irratia 2012ko urriaren 3a

“Bankuak erreskatatzeko dagoen grina ez dut ikusi langabeziari aurre egiteko”, irakurri nion asteburuan pertsona ezagun bati. Eta ez zaio arrazoirik falta. Espainiako Gobernuak direnak eta ez direnak egin ditu banku denak erreskatatzeko. Hor ez da murrizketarik. Langabeziari aurre egiteko, ordea, deus guti egin du, langabetuei eskubideak murrizteaz haratago.

Yolanda Barcinak ere etxekolanak egin ditu, Nafarroako Kutxan erreskatea ordaindu, eta lagunei aulkia ongi berotua utzita, ez du bertze kezkarik. Bere gobernuak ez du deus ere egin lanerako politikak sustatzeko. Murrizketak murrizketen gainean aplikatu ditu.Langabeziak gogorren jo duen eskualdeetan, Sakanan eta Baztan-Bidasoan, errate baterako, ez da langabeentzako formakuntzarik eskaintzen. Nahi duenak, Iruñera joan behar du, eta jakina, gaztelaniaz ikasi. Enplegu Zerbitzuko arduradun batek erran zidan zuzen-zuzenean, formakuntza euskaraz eskatzea jendeari lanerako aukerarik ez ematea zela. Inportanteena langabezitik ateratzea zela. Ez gaztelaniaz delako bakarrik, bertzela ere, hutsune gehiegi ditu Gobernuaren estrategiak langabeziari aurre egiteko politiketan. Horietan ere bai.

Eta erreakzionatu beharrean, betikoan segitzen dute, CCOO eta UGT erosita, formakuntzaz gobernua bera zuzenean arduratu beharrean, azpikontratekin dirua xahutzen. Eta bitartean, langabetuen dramak gordinki jipoitzen gaitu. 49.677 dira, dagoeneko, Nafarroan. Eta bitartean, bankuak erreskatatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!