Aspertuta nago. Oso. Erabat. Hauteskunde kanpainak du errua. Motela. Tentsiorik gabekoa. Mezu apal eta eduki eskasekoa da. Halaxe doa kanpaina. Aldez aurretik ekoiztutako mezuak baino ez ditut entzuten. Prefabrikatuak. Hermetikoak. Neurtuak.
Interesa dut politikan. Neurri batean sinisten dut politikan. Ez dut uste mundua aldatzeko haina indar duenik, baina bai politika egiteko modu duinak badaudela, egoerak eta errealitateak moldatzeko gaitasuna dutenak. Badakit politikak aspaldi ahaztu duela zer den etika, baina badakit ere benetako politikak etikarekin batera joan behar duela.
Horregatik, ziurrenik, gorroto ditut hauteskunde kanpainak. Beste edozein salgairen publizitate kanpainen traza hartzen diet hauteskunde kanpainei. Kalaka merkea da.
Azken urteotan herritarrei egiten zaizkien inkestek erakutsi dute gero eta estimu gutxiago diegula politikariei, eta ez bakarrik haiei, baita politika berari ere. Edo beste modu batera esanda, egun politikariek egiten duten politikak zero azpitik du sinesgarritasuna herritarrontzat. Jadanik konfiantza galdu dugu gure ordezkari politikoengan.
Bi aste geratzen zaizkio Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainari. Luzeak egingo zaizkit, eta espero dut ahalik eta azkarren igarotzea bi asteok, honezkero ahulduta dagoen etika politikoa hilzorian gera ez dadin behintzat.