Estatuak bankuei ematen dien dirua, bankuek erabiltzen dute Estatuaren zorra erosten, eta Estatuak, diru horrekin, dirua ematen die bankuei. Bankuek, jakina, ez diote Estatuari itzultzen Estatuak eman dien dirua, baina Estatua bai gelditzen dela zorretan bankuekin. HoRra gure sorgin-gurpil eroa. Bistan dena, Estatuak bankuei ematen dien dirua da irakaskuntzatik, gizarte zerbitzuetatik eta osasunetik kentzen dutena.
Horretaz guztiaz, eta bereziki horrek guztiak gure sistema politiko eta sozialean dituen ondorioz mintzatzera etortzekoa zen Ignazio Aiestaran irakaslea. “Salbuespen demokrazia eta ondasun erkideen tragedia” zuen izena mintzaldia. UPNk aldarazi nahi eta bertan behera gelditu da. Ignazio Aiestaran entzun gabe gelditu gara Iruñean, baina kontuak bere alde onak baditu: Iruñeko euskaldun batek baino gehiagok badaki honez gero badagoela munduan Ignazio Aiestaran delako bat, iruinsemea, saiogilea, poeta, unibertsitateko irakaslea eta UPN molestatzen duten gauzak errateko gauza dena.