Mika Etchebehere: Agustin Beroizen lekak

Euskalerria Irratia 2012ko urriaren 2a

Iruñea zaharrak mendebaldeko hirien garapena izan du: pertsona talde bat heldu, haren etxeak paratu, bizi iraupenerako jakiak ekoiztu, instituzio mota ezberdinak sortu... Kontaera horren barnean sartzen diren datu, oroimen, hondakin, pertsonai eta ñabardura guztiek sortzen dute historia, haren biztanleek kontatuko dutena. Historia, gizakion ondarearen gauza asko bezala, ezin da arrapaladan ezabatu ezta hala nola idatzi.

Joan zaizkigun aberastasun urte hauetan historiaren zentzuaren aurka doazen hainbat erabaki hartu dira, agintari eta pertsona asko oso toki zailean kokatzen dituztenak nahiz eta iritzi publiko bat sortu eta historia idatziko zutela pentsatu. Baina krisi guztiek duten sormen botereari esker politika ekonomiko horren funtzionamenduaz ikasi dugu eta badakigu erabaki politiko aunitz guztion onurako izan ez badira ere, interes konkretuengatik hartu izan direla.

Horrexegatik ulergaitza zaigu 2012ko udan Iruñeko udalak oraindik ere politika espekulatzaileak egiten jarraitzea, zeren krisi eta zor publikoaren maila ikusiz norbaitek sinesten al du Arantzadiko meandroan zeuden baratzen eraustearen arrazoia parke bat egitea dela?

Hau guztia justifikatzeko, Iruñeko talde politikoek esanen digute hobe dela Arantzadiko meandroan zeuden baratzak desjabetzea bertan parke publiko bat egiteko, baina geure historiaren idazpen kolektiboan duintasuna, erantzukizuna eta zentzua dira nagusi. Horrexegatik Iruñeko udalak hartutako erabakien ondorioz Arantzadiko baratzak erausten zituzten makinek ez dute geure historia idatziko, agintariek hala nahi ere. Agustin Beroizek makinak lanean zeuden bitartean bere azken leka, letxuga eta eskarolak jasotzea agertzen zuen maitasun eta duintasuna izanen dira gure historiaren luma.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!