Katedraleko kanonagoen jantokia ezagutu nuen lehengo ningunean. Ez kanonigoek bazkaltzera gonbidatu nindutelako, baizik eta katedraleko jantoki zaharrean antolaturiko kontzertu batera joan nintzelako. Kontzertua hasi aurretik, Nafarroako Abesbatzen Elkarteak urrezko domina eman zion Aurelio Sagaseta Katedraleko musika kaperako zuzendariari, berrogeita hamar urtez musika koralaren alde egin duen lana eskertzeko.
Menu ederra prestatu zigun ittundarrak berak: musika profana eta erlijiosoa, dena katedraleko kaperaren eskutik, musikari batzuen laguntzaz. Lehen zatian lau euskal kantu eder, horien artean, noski, Itturingo Arotza. Eta bigarrenean eliz-kantuak latinez, euskaraz eta gaztelaniaz.
Kanonigoen jantoki zaharra zabala izan arren, leporaino zegoen beterik. Beraz, ekitaldi arrakastatsua, bai musikaren kalitateari dagokionez, eta baita jendearen erantzunagatik ere.
Amaierarako utzi dut hasierakoa. Kontzertuan bezala, aurkezpenean ere euskara eta gaztelania tartekatu ziren, euskaldunenganako errespetua erakutsiz. Eta hori, zoritxarrez, aipagarria da oraindik ere, batez ere Iruñeko elizetan eta are gehiago katedralean.
Horregatik eta eskaini ziguten musika programagatik, zorionak antolatzaileei eta Aurelio Sagasetari.