Aitor Etxarte: Gerra

Euskalerria Irratia 2012ko urriaren 1a

Aspalditik datoz irudiak. Aurreko astean, grebak emandako begi berrituei esker, nabarmenagoak egin zaizkit. Hori ere greben zorioneko eragina delako. Kale batzuetan besteetan baino gehiago, jakina, hiriaren segmentazioa erakutsiz.

Dendak eta bulegoak, auzo batzuetan bata bestearen ondoan, erakusleihoen ostean hutsik dira eta tamaina handiko letretan kolore biziz diote: “Se vende/ Se alquila/ Se traspasa”. Saltokien barruan bezero gutxi eta langileak egun osoan sartu direnak arduraz kontatzen. Gorago begiratuz han-hemen, aspaldiko lorontzi edo txorien ordez, apaingarri nagusia etxeko leiho sarrietan: “Se vende”.

Eraikuntza publikoak itxita eta hutsik iragarki eta kartelik gabeak hauek. Noiz hasiko dira “Se vende” kartelak jartzen Ospitaleko eraikuntzetan edo kale Nagusiko Musika Eskolako bi jauregietan? Kotxe arrunten joan-etorria gero eta urriagoa da, nabarmenduz egunetik egunera kotxe garestiagoak erosten dituztela periferiako biztanle aberatsak.

Eta bitartean gure gainean ditugun hiru gobernuek krisi garaian gogor ekin diote: pobretze masiboa bultzatuz eta polizia mota guztiak jendartera bidaliz pobretzen ari garenen aurpegia txikitzera. Gerra.

Jean Jaurés sozialista ezagunak, 1911n eskoletan bretoia eta euskara alde egin zuena, Marokon Frantziako kolonialismoaren aurka isildu ez zena edo eta Lehenengo Mundu Gerraren aurkako izan zenak idatzi zuen:

“Zuen gizarte bortitz eta kaotikoak, baita bakea nahi duenean ere, edo ustezko barealdian denean, gerra darama beti bere barnean, hodei beltz motelak ekaitza daraman moduan.”

1914an Parisen erail zuten. Gerra atarian zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!