Oier Lakuntza, hogeita zazpi urteko gazte iruindarrak, cum laude aitorpena lortu du, kimika teorikoari eta konputazionalari buruz eginiko doktore tesiagatik.
Lehenik, kimikako karrera egin zuen Nafarroako Unibertsitate pribatuan eta azken lau urteotan Euskal Herriko Unibertsitatean doktore tesia egin du.
Aurrera begira, Euskal Herritik kanpora joan nahiko luke, ikerkuntza lanean aritzeko. Oier Lakuntzari Wolfram gaitza diagnostikatu zioten bost urte zituela. Horren ondorioz, ikusmena galdu du eta entzuteko arazoak ditu. Muga fisiko horiek ez dute erraztu haren ikasketa eta ikerkuntza prozesua. Hala ere, ez dizkio mugak jarri nahi bere buruari.
Pasa den astean Oier Lakuntzak aurkeztu zuen tesia bost adituk aztertu zuten. Epaimahaiburu Pedro Migel Etxenikek nabarmendu digu, Oier Lakuntza goi mailako kimikaria dela eta horren lekuko nazioarteko zientzia dibulgazio aldizkari nagusietan argitaratu dituen artikulu bikainak.