Xabier Barber: "Barkatu eragozpenak. Hiria izorratzen ari gara"

Euskalerria Irratia 2012ko irailaren 27a

Horrela zioen Arantzadin kartel batek. Eta hor dago koska: oso era zibilizatuan (hondeagailuak, poliziak, gorbatadunak eta abar direla medio), Iruñeko alor oso preziatua (Arantzadiko baratzeak eta lur ekologikoa) izorratu duzue.

"Elikagai Subiranotasuna"z gero eta gehiago mintzatzen da; praktikara eramaten saiatzen ari dira. Adibidez, Ingalaterrako hiri batean, "Elikagai sinesgaitzak" esperientzia hasi zen, baratzeak sortuz edozein hiritako lur-zatietan; baratze konpartituak, bertako elikagaiez elkarrekin bizitzeko. Ez da esperientzia bakarra.

Bitartean, zuek, Iruñeko alkate eta zinegotzi boteredunek Iruñerriko lur emankorrenak suntsitu dituzue. Baratzeak desegin, Baratzearen Parke Tematikoa eraikitzeko; bizitza hil, momia museoan gordetzeko. Nekazaritza ekologikoan, erreferentea dugu Arantzadiko bihotzean: Agustín Beroiz eta Beroiztarrak; bada, bere baratze liluragarria ere zapaldu dute zuen lagunen makinek.

Tartean, betiko interesak, parte-hartzearen ohiturarik zero eta lur kulturarik eza ikaragarria. Bakarrik zuena omen den hiriko paisaian, nahiago duzue postal bat, benetako natura baino; bihotza izatekotan, porlanaz beterik duzue.

Gaur, greba eguna da. Kapitalismo basatiaren aurrean, pausu guztiak dira beharrezkoak. Baita ere, Arantzadiko baratzeak salbatu nahian eman direnak. Ai, arimagabekoak: hain koldarki zapaldu duzuen lur gainean, askatasun bideak loratuko dira!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!