Bihar ez produzitzeko deia egin dute hainbat sindikatuk, alderdi politikok eta gizarte mugimenduk. Greba. Greba orokorra. Greba orokorra deitu dute Hego Euskal Herrian.
Bihar ez dute greba egiteko deirik egin Hego Euskal Herriko bertze hainbat talde sindikal, politiko eta sozialek.
Argi dena zera da, gehiago izanen direla grebarekin bat egin nahi eta ausartuko ez direnak, lan egin nahi izan arren bere denda ireki ezin izanen dutenak baino.
Piketeei buruz literatura ugari idatzi da. Kalean gordintasunez egindako mehatxua beti da bulegoan ezartzen den giro arnasgaitza baino ikusgarriagoa. Lehenengoa bortizkeria da. Bigarrena normaltasuna. Mehatxurik ziztrinena ezkutatzen duen normaltasuna.
Zertan datza grebarekin bat eginen dutenen eta eginen ez dutenen arteko aldea?
Bihar greba eginen dutenak borrokalariagoak dira eginen ez dutenak baino? Gorriagoak? Kontzientziatuagoak? Politizatuagoak? Euskaldunagoak?
Bihar greba eginen ez dutenen artean denetarik izanen da, baina, nago, oraindik ere galtzeko ezer duenaren beldurrak baldintzatutakoak izanen direla gehienak.
Kubara joan direnek diotenez, hangoek usu errepikatzen omen dute esaldi hori: ez da erraza konpai, ez da erraza.