Uxue Barkos: "Aralarrek Bilduren alde apustu egin izanak eragin du NaBairen udal taldearen berrantolaketa"

Euskalerria Irratia 2012ko ira. 25a, 13:57

Gaurko prentsan albiste kontrajarria irakurri dugu: udal taldea hautsi egin dela Diario de Navarran; taldea berrantolatzea erabaki dutela Diario de Noticiasen. Geroa Baiko diputatu eta Nafarroa Bai 2011ko zinegotzi Uxue Barkosek Metropoli Foralean adierazi duenez, "berrantolaketa izan da, Aralarrek Bilduren alde egindako apustuak eragindakoa".

Berrantolaketa horren poderioz, Aralarko bi zinegotziek orain arte Barkosena izandako bulegora joanen dira, eta Geroa Baikoak NaBairen gelan geratuko dira. Halaber, Aralrko bi zinegotzietako batek Udalaren soldatapean liberatu izateari utzi beharko dio.

Aralarrek EH Bilduren aldeko apustua egin izanak eragin du berrantolaketa. Hala dio Barkosek. Eta gainontzeko bost zinegotziek Geroa bairekin bat egin ote duten galdetuta, ezetz esan du.

Geroa bairen ildokoak dira bost zinegotzi; Aralarkoak bi. Biak liberatuak. Barkosek baieztatu du bietako bati hautetsi liberatu izateari uzteko eskatu diotela.

Txentxo Jimenezek nork bere bidetik jotzeko unea dela iritzi artikulu batean esan eta biharamunean etorri da hau. Jimenez gure saioan mintzatu zen atzo, eta esan zuen Geroa Baiko hautetsiek eskuinera egindako aldaketak eragin duela banaketa beharra.

Aralarren exekutibak bilera eginen du arratsaldean, egoera aztertzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!