Anuska: Igandea

Euskalerria Irratia 2012ko ira. 24a, 18:46

Igandea

Maider haserre dago, haserre eta tristetuta. Izan ere, aste gogorra izan du. Astea hasteko, Vera kontseilariak esandako guztiak, eta bukatzeko, Txoko Feministan gertatutakoa. Atzo, igandea. Negargura zuen. Besarkatzen dut. Zer duzu, Maider?

-Ez dakit -, esaten dit.

Ez duela ulertzen zergatik dagoen horrela; azken finean, gaurko egoera eta joan den astekoa ez dira oso ezberdinak: batzuk, eskubideak defendatu nahian, eta beste batzuk, zapalgailu erraldoiak gainetik gidatzen.

-Igandea -, esaten dit, agian hori besterik ez da. Igandeak etsigarriak dira...

Eta nik jakin badakit igandea ez dela arrazoia, baina jakin ere badakit berak ez duela beste arrazoirik eman nahi. Igandeak igaro egiten dira, baina jende hori ez, horiek jarraitzen dute, eta ez die bere gogoaren gainean inongo botererik eman nahi.

Esan dezala nahi duen guztia Vera kontseilari horrek. Gezurretan ari dela salatzen jarraituko du Maiderrek, eta gainera, irribarrez, eta lagun artean.

Eta Txoko Feminista salatu duen bizilagun hori... gera dadila bere etxe barruan, ezkutaturik, feministen aurka biraoka. Feminista dela esaten jarraituko du Maiderrek, gizon eta emakume askok terminoa ulertzen ez duten, eta ulertu nahi ez duten, arren.

Hitz egiten hasten da:

-Berehala bidali behar izan genuen munizipala. Baina hor egon ginen, berarekin hitz egiten. Zertarako?

Burua horretara doakio, nahi gabe. Eta burua menperatu nahi du, ez du haserre egon nahi.

-Tipo hori bere lana egiten ari zen, ados. Egin dezala eta punto, guk gurea egingo dugu. Baina hurrengoan ez dadila harrokeria horrekin joan. Bere profesional itxura horrekin.

Eta nik, argudioak eman nahian, galdetzen diot:

-Uniformea ez zeraman, ezta?

-Ez.

-Zein ordutan gertatu zen hori?

-Arratsaldeko zazpiretan. Zarata maila gainditu omen dugu, San Fermin Txikitoetan eta arratsaldeko zazpiretan! Nor izan daiteke gu salatzeko horren gaizto?

Dena delakoak fede gaiztoz jokatu du, garbi dago. Eta zer esango diot Maiderri? Bai, horrelako jendea dago munduan. Arazoa haiek dute. Askotan solastu gara horretaz. Munduan badirela egoteko modu ezberdinak, eta hobe dela alde honetan egotea, kosta ahala kosta, osasungarriagoa ere badela, hobe sentiarazten duela justiziaren aldeko egoteak, injustiziari egokitzeak baino.

Baina hori guztia badaki, eta gogorazi beharrak haserretzen du. Ikasgaia gainditu ez, eta errepikatu beharko balu bezala. Begietara begiratzen dut. Ez dut bera animatzen lortzen. Zer esan? Betiko leloak gogoratzea bera lelotzat hartzea bezala da. Beharbada, ikasgaia ez da horren erraza.

-Utz dezagun gaia... -, esaten dit.

-Nahi duzun bezala. Buelta bat eman nahi duzu?

Baina ez du nahi. Gaur ez du mundua ikusi nahi. Nekatuta dago. Eta igandeak atseden hartzeko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!