Iruñeko Alde Zaharreko jaiak izan dira asteburuan. Auzo bakarra eta bi programa: udalarena eta jai batzordekoa. Ofiziala eta herrikoa. Gurean aspaldikoak diren mundu paraleloak. Edo, agian, ez hain paraleloak sarritan bat egin ala gurutzatzen direlako.
Hori bai, aukera erakargarria asteburuko turismoaren egoera aztertzeko. Iruñeko gainerako auzoetatik, gertuko urbanizazio eta herrietatik bisitaldi horiek guregana datoz gero eta luzeagoak diren asteburuetan.
Turismo modu horrek, gainerako beste edozein turismoarekin ezaugarri komuna du oinarrian: jarduera fantasiosoa da, imajinazioa elikatzen du burbuilak sortuz, nork bere buruaren neurrira egindako mundu irrealetan eroso izateko (Georges Cazes). Turistarena egiteko merkatuak produktu-molde ezberdinak eskaintzen ditu: turista nagientzako, ekoturismoa, vip-entzako, sexu edo santutasun bila ari direnentzat eta, zergatik ez, gure artean hedatua dagoen turista antituristarentzat. Guztientzako tokia izan da Sanfermin Txikiton.
Eta horrela turistak, igande iluntzean etxeratzerakoan, sentituko du aste petralari aurre egiteko kemen apurra. Horrela ere ostalariak pertsiana ixterakoan diru kutxa aztertu eta jaiei, berdin ofizial edo herrikoiei, gorazarre egingo die. Horrela auzokide-indigena arduratsuak errepaso egin eta lasai sentituko da korri-salto-kantu-jan-edan duelako eta, bereziki, sinpatikoa izan delako.
Dena bere tokian.